2015/09/01

SENTIMENDU NAHASPILATSUAK

2014ko iraila. Duela urtebete, nire begiek irrifarra ez zen beste edozer adierazten zuten. Urduritasuna, beldurra, sentimendu nahaspilatsuak nabarmen nituen barnean. Ez nekien non nengoen ez nora nindoan. Eguraldiak ere ez zuen laguntzen, uda amaierako ekaitzak harrapatu gintuen, eta kezkak areagotzen ziren. Kotxea hartu nahi nuen eta etxera bueltatu. Baina nire etxea izango zena hurbilago nuen, momentu batetik bestera bertan izango ginen.  Logelara sartu eta negar malkoak nire  begietatik ateratzen hasi ziren, aurpegitik irristatu eta jantzita neraman alkandora zurian erortzen ziren. Logela txiki eta zuri batek ongi etorria eman zidan. Mahai gainean ongietorri kaxa bat nire zain zegoen. Hormak hutsak zeuden, sentimendurik ez zegoen logela itxi hartan. Maleta lurrean utzi eta gauzak deskargtzen hasi ginen. Komuneko gauzak, arropa, produktuak, liburuak, koadernoak, janaria, sukalderako beharreko guztia. Hurrengo orduak zailak izango zirela argi nuen. Gurasoak agurtu eta bakarrik geratu nintzen gelan. Zeinekin hitz egin jakin gabe astea planeatzen hasi nintzen. Horrela lehen egunak bakarrik, poliki poliki lagunak egiten eta giroan sartzen joan nintzen.Ondorengo asteetan dena aldatzen eta hobetzen joan zen. Astelehen goizetan trena hartu eta indarrez kargatuta astea Gasteizen pasatzera joaten nintzen. Lagun eta ikaskide berriekin kontu kontari ibiltzen ginen, gure istoriotxoak eta bizitzako nondik norakoak kontatzen eta bata besteaz gehiago jakiten. Ondo pasa, ikasi, talde lanak egin eta parrandak ere botatzen genituen elkarrekin. Ostiral arratsaldeetan berriz ere trena hartu eta pozez beterik Tolosara bueltatzen nintzen. Familia eta lagunak ikusteko irrikitan, bizitzako esperientzia berriak beraiekin ere elkarbanatzeko gogoz.

Urtebete pasa ondoren pozik nago. Bizitako esperientzia berriak zerbaitetarako balio izan dutelako eta lagun oso bereziak egitea lortu dudalako. Orain bueltatzeko irrikitan nago, udara bikaina pasa eta disfrutatu ondoren egunerokotasunera bueltatzeko ordua da. Pisu berria, kurtso berria, hizkuntza berriekin hasteko gogoa eta esperientzia beerriak bizitzeko aukera. Astelehenetan joan eta ostiraletan bueltatu, eta asteburua kuadrilla eta familiarekin disfrutatu. 



No hay comentarios:

Publicar un comentario